2012/09/22

Iruzkina: Arbitrage (Nicholas Jarecki, 2012)



Nicholas Jarecki zuzendari gaztearen lehenengo fikziozko film luzea da Sail Ofiziala ireki duen ‘Arbitrage’ (Iruzurra).
Robert Miller izeneko enpresari batek 400 milioiko zorra duela argitu baino lehen enpresa fusionatzeko egiten dituen ahaleginak ditu ardatz lanak. Filmean, boteretsuen joan etorriak, hauek familiekin duten harremana, anbizioa eta beste hainbat barne zein kanpo gatazka planteatzen dira. Gai mamitsuak izan arren, argumentua asmatzeko erraza da orokorrean eta nahiz eta muntaia eta soinu bandaren bidez tentsioa mantentzen saiatu, emaitzak ez dira beti horren agerikoak. 

Richard Gere eta Susan Sarandon dira aktore protagonistak. Atzo behintzat, eurak izan ziren kazetari eta autografo ehiztariengan gose gehien piztu zutenak. Bi aktoreak, 2004an ere bikote izan ziren Peter Chelsom-en Shall we dance? filman. Kazetari batek baino gehiagok Richard Gere-ri Oscarragatik galdetu bazion ere, Tim Roth-ek Kodak Theater-erako bide errazagoa duelakoan nago. Nabari da aktoreak inspektorearen pertsonaia prestatzerako orduan xehetasun guztiak ondo aztertu eta landuta zituela. Gererekin planoa partekatzen zuen bakoitzean, txiki utzi du “handia” beharko lukeena. 

Batek baino gehiagok jarri dio “igande arratsaldean telebistan ikusteko moduko” pelikularen etiketa. Eta bai, entretenigarria izanagatik ere, enpresa gizon aberatsen inguruko beste film bat baino ez da. Topikoek neketsu egiten duten lan bat. 

Zuzendaria: Nicholas Jarecki
Gidoia: Nicholas Jarecki
Argazkia: Yorick Le Saux
Aktoreak: Richard Gere, Susan Sarandon, Tim Roth, Laetitia Casta, Brit Marling
Iraupena: 106 m.
Herrialdea: AEB

http://youtu.be/waORywYAG7Q

Testua: Ander Barinaga-Rementeria

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money