2012/09/25

Iruzkina: Venuto al mondo (Sergio Castellitto, 2012)



Baina nor demontrek esan dio Segio Castellittori Penelope Cruzek protagonistaren papera ondo antzeztuko zuenik? Zuzendari italiarra behin eta berriro erratu egin da Venuto al mondo pelikulan erabakiak hartzerakoan. Drama zuzendu nahi zuen eta zinema aretoan barre algaraka erantzun diote. Jugoslaviako gerrari buruzko istorioa aukeratu eta gatazken arteko txiste txarra atera zaio.

Venuto al mondo? Venuto a la sofferenza e la punizione! Zigor gogorra baita 125 minutuz filmeari erreparatzen egotea. Sinestezina da pelikula Sail Ofizialekoa izatea hain kalitate pobrearekin. Gidoia, seguruenik, eguzkitan denbora gehiegi utzi dute, izan ere, une askotan istorioa ustelduta dagoela dirudi; ez dauka oso usain onik.

Sekuentzia batzuk Monty Pythonenak dirudite: Nirvana dantzan Sarajevo bonbardatzen duten bitartean edota bizitzari buruz pentsatzen duen gizona oilar hilak hazten diren lorategian paseatzen ikusten dugunean... zerrenda amaiezina da. Balkanetako guda ere nahieran kontatzen du kasko urdinak Kalkutako ama Teresaren antzera bosniarrak laguntzen agertzen direnean, besteak beste.

Pertsonaien arteko elkarrizketak ere errazak eta deskodetu ezinak dira. Batzuetan hitz potoloren bat tartekatzen da esaldi sinpleenetan, drama erromantiko txarrenaren generoaren antzekoak.

Hurrengorako, nor edo nork Jugoslaviari buruzko adaptazio bat egin nahi izanez gero, mesedez Joe Saccoren Safe Area Goražde erabili, eta ez Margaret Mazzantiniren egokitzapena.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Sergio Castellitto
Gidoia: Sergio Castellito, Margaret Mazzantini
Argazkia: Gianfilippo Corticelli
Aktoreak: Penelope Cruz, Emile Hirsch, Mia Furlan, Jane Birkin, Sergio Castellitto
Iraupena: 125 min.
Herrialdea: Italia-Espainia

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money