2012/09/29

Iruzkina: Fasle Kargadan / Rhino Season (Bahman Ghobadi, 2012)



Poesiak ere min egin ahal du, maitemintzen lagundu dezakeen moduan. Baina, zoritxarrez, munduko leku askotan poema on batek 30 urteko espetxe zigorra ekarri dezakeela ere erakusten digu Bahman Ghobadiren Fasle Kargadan filmak. Zuzendari iraniarra bere herrialdeko egoera salatzen du pelikula liriko honekin. Bereziki, Sadegh Kamangar poeta kurduari eskaintzen dio Ghobadik. Antza denez, protagonistaren sorkuntzarako inspirazio iturri nagusia izan da Kamangar.

Fasle Kargadan pelikulak Irango Islamiar Errepublikaren kontrako atentatuak leporatu dioten idazlearen istorioa kontatzen du. 30 urteko zigorra jasan ostean aske utzi zuten emaztearen bila joango da Turkiara. Bidaiak baina, ez dio askatasunaren zaporea dastatzen lagunduko, baizik eta sufrimendua eta galdutako guztiaren isla izango da.

Narrazio poetiko hutsa bideratzen duen film honek ikusizko metaforak Sahel idazlearen berbekin tartekatzen ditu sufrimenduaren bidaia deskribatzeko. Ghobadirentzat lehen Irango herrialde aberatsean poeta zena, orain errinozeronte zaharra izango da gatzaga lehorretan.

Monica Belluciren eta Behrouz Vossoughiren antzezpenak onak badira ere, argazki lanaz baino ez da akordatuko zine aretotik ateratzen den ikuslea. Argazkien koloreztapena eta argitasuna saritzeko modukoa da. Horiek gainera, pelikularen irakurketa lirikoa bideratzen laguntzen dute uneoro, ezin baita beste modu batean irakurri ikus-entzunezko pieza hau.

Zoritxarrez, film poetikoak ez dira ongi etorriak izaten gehienetan, eta hala gertatu omen da honekin ere Donostiako Zinemaldian. Ikusle askok narrazio argia egiten ez duela argudiatzen badute ere, oker egongo dira. Narrazioa bikaina da, nahiz eta istorioa modu konbentzionalean ez kontatu. Espero dugu errekonozimendu pixka bat lortzea Ghobadiren filmak, apustu zaila egin du eta.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Bahman Ghobadi
Gidoia: Bahman Ghobadi
Argazkia: Touraj Aslani
Aktoreak: Behrouz Vossoughi, Monica Bellucci, Yilmaz Erdogan, Caner Cindoruk
Iraupena: 103 m.
Herrialdea: Turkia

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money