2012/09/22

Iruzkina: Amour (Michael Haneke, 2012)



Maitasunak ez omen du adinik, ez gutxienez Michael Haneke zuzendariarentzat. Amour filma aurkeztu baitu zuzendari austriarrak Zinemaldiko 60. edizioan. Donostian harrera ona izan badu ere, jadanik kritika onak lortutako pelikula dugu Amour, izan ere, Canneseko Urrezko Palmorria eta FIPRESCI saria lortu ditu.

Filmaren protagonistak Anne (Emmanuelle Riva) eta Georges (Jean-Louis Trintignant) dira, laurogei urte inguruko bi musika-irakasle. Bien arteko amodioa da gai nagusia, betiere Hanekeren argumentu gordin eta hunkigarriekin. Bada, zahartzaroan sartuta daudela, bizitza luze eta zoragarria izan ostean, ez dirudi hortik aurrera ezer onera joango denik. Annek, gainera iktus bat jasan beharko du, benetako amodioa azaleratzen lagunduko duena.

Amour hunkigarria da benetan, eta seguruenik Hanekeren filmik zintzoena. Sentimendu errealenetan eta gordinetan barrena doa zuzendari austriarra azkeneko pelikula honetan. Eta, betiko moduan, narrazio leun eta lasaiaz baliatzen da istorioari dramatismoa gehitzeko. Michael Hanekek beste askotan lortu ditu kritika onak besteak beste, Cannesen eta Zinemaldian Funny Games (1997), Code Unknown (2000), The Piano Teacher (2001) eta The White Ribbon (2009) pelikulekin.

Aktoreen lana paregabea da ere ikus-entzunezko pieza honetan. Besteak beste, Emmanuelle Rivak eta Jea-Louis Trintignantek sortutako buruz burukoa, argumentuaren euskarri nagusienetarikoa. Zer esanik ez, Isabelle Huppert-en papera, Hanekerekin The Piano Teacher pelikulan ere lan ikaragarria egin zuena. Baina horietaz gain, badugu ere RamonAgirre donostiarra minutu gutxiko bigarren mailako lan ona egiten.

Finean, benetako amodioaren isla da honako hau, alderik onenak eta txarrenak berdin aurkezten dituena. Baina austriarraren beste lanen antzera, zakarra eta tristea den artelan hutsa era berean.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa

Zuzendaria: Michael Haneke
Gidoia: Michael Haneke
Argazkia: Darius Khondji
Aktoreak: Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva, Isabelle Huppert, Alexandre Tharaud, Ramon Aguirre
Iraupena: 127m.
Herrialdea: Frantzia-Alemania-Austria

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money