2012/09/29

Iruzkina: Cesare Deve Morire (Paolo eta Vittorio Taviani, 2012)



Erroma gehiegi maite dutelako akabatu behar dute erromatarrek Zesar tiranoa; herritarren askatasuna txikitzen duelako. Segurtasun handiko kartzela batean presoak Shakespearen lana antzezten ikusten ditugu Cesare Deve Morire filman; zine eta antzerkia nahasten dituen pelikulan. Shakespearen Julio Cesar lanaren egokitzapen bitxia da Paolo eta Vittorio Tavianik zuzendutako lana, Berlinen Urrezko Hartza eta Epahimahai Ekumenikoaren saria jasotakoa.

Taviani anaiek ez dira zine konbentzionalagatik famatuak, Cesare Deve Morirek argi eta garbi erakusten duen moduan. Presoen antzezpenetan oinarritzea eta narrazioa eustea erabaki dute italiar zuzendariek, apustu arriskutsua benetan. Hala ere, Italiako presoen antzezpen maila ikusita harrituko da ikuslea. Inoiz ez genuen pentsatu mafia kideek, ustelkeriaren ordezkariek edota hiltzaileek hain ondo egingo zutenik Bruto, Antonio edota Zesar beraren antzezpenak.

Italiako neorrealismoaren teknika mimetikoak aurkitu ahal dira bai antzezpenean eta bai plano batzuetan ere, nahiz eta argazki aldetik ezer berezirik ez egon. Ia pelikula osoa zuri-beltzean dago grabatuta, antzerkia ofizialki aurkezten dutenean izan ezik.

Aipagarriena, ordea, Taviani anaiek Shakespearen eta presoen errealitatearekin egiten duten konparazioa da. Zesarren antzezpena egin behar duen aktoreak esaten duen bezala, inoiz ez zaigu zaila izan tiranoak herriaren onenerako akabatzen, ezta gure aita ala semeak izanda ere. Krimenaren munduan Bruto eta Zesar asko omen daude, batak besteari ongiaren ezpata sartzen diotenak bihotzean. Dudarik gabe, antzerkiaren maitaleentzat bideratutako lan morala dugu Cesare Deve Morire.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Paolo Taviani, Vittorio Taviani
Gidoia: Paolo Taviani, Vittorio Taviani (Fabio Cavalliren lankidetzarekin)
Argazkia: Simone Zampagni
Aktoreak: Cosimo Rega, Salvatore Striano, Giovanni Arcuri, Antonio Frasca, Juan Dario Bonetti, Vittorio Parrella
Iraupena: 76 m.
Herrialdea: Italia

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money