2012/09/27

Iruzkina: BYPASS (Patxo Telleria eta Aitor Mazo, 2012)




Film batekin barre egitea, negar egitea baino zailagoa izaten da askotan. Badago kontrako efektua lortzen duen pelikularik ere: une gogor eta garratzenetan jendea barre zantzoka hastea. Bypass-ek, oker ez banago, ikuslearen barrea du helburu eta premisa hori primeran bete duelakoan nago. Ez dut, prentsako proiekzio batean, horrenbeste barre entzun Segio Castellittoren Venuto al mondo drama eman zutenetik. 


Xabi (Gorka Otxoa) da zuzendari bizkaitarren bigarren film luzeko protagonista. Hiltzera doan bere lagun Mariari (Sara Cozar) agur esatera joango da ospitalera. Gelara sartu aurretik baina, Maria berarekin guztiz maiteminduta dagoela jakingo du eta haren azkeneko egunak samurtze aldera, bera ere maiteminduta dagoela esango dio. Hau entzutearekin batera, Mariaren osasunak hobera egingo du. Xabik gezurrarekin jarraitu beharko du, egia esanez gero Maria hil egin baitaiteke. Inork ez dakien arren, Xabik neskalaguna du Bartzelonan eta haurdun dago. 

Xabik lehenengo gezurra esaten duenetik, gezur bat bestearen atzetik etorriko da eta hainbat muturreko egoera biziko dituzte pertsonaiek. Telleriak primeran kudeatu ditu tentsio uneak eta istorioa in crescendo doa happy ending batekin amaitzen den arte.
Film on bat egiteko baina, gidoia ez ezik, aktoreen lana bera ere oso garrantzitsua da. Sara Cozar eta Gorka Otxoak primerako lana egiten dute. Mikel Losadak ere onerako harritu ninduen, azkeneko film eta antzezlanetan asko hobetu duelakoan nago. Aitor Mazok ere primeran konbinatu ditu zuzendari eta aktore lanak. Barbara Goenaga eta Itziar Atienza ere txukun aritu dira. Unax Ugalderen agerraldia ez da beste munduko ezer, baina Patxo Telleriaren kameoak dena konpontzen du. 


Musikak ere garrantzia berezia dauka lanean. Bingen Mendizabalek konposatutako soinu bandaz gain, hainbat euskal talderen kanta ezagunak tartekatzen dira. Goseren abesti bera bi aldiz entzun beharra ez zait askorik gustatu. Gose zein beste talde baten beste abestiren bat jarri zezaketen.Hasieran filmaren izenburua izan behar zen “Nemekitepa“ abestiak ere garrantzia berezia du istorioan eta abestiaren euskarazko bertsio bat ere agertzen da. Sara Cozarrek a capella abesten duen kanta ere oso hunkigarria. A zer nolako ahotsa! Asier Pujolen muntaia eta grafismoa bera ere txalogarriak dira. Asko gustatu zaizkit hasierako tituluak. 

Komedia erromantiko unibertsala sortu dute Telleria eta Mazok. Gauza tristeekin barre zein barregarriekin negar egin daitekeela erakutsi digute. Beste pauso bat euskal zinemagintza garaikidearen normalizaziorako bidean. 

Ander Barinaga-Rementeria

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money