2012/09/29

Iruzkina: Emak Bakia Baita (Oskar Alegria, 2012)


“Emak saria baita!” pentsatu dut Oskar Alegriaren filma ikusi eta berehala. Izan ere, artelan bikaina da Emak Bakia Baita, bai argazki eta bai egitura aldetik; saritzeko modukoa. Man Rayren Emak Bakia (1926) film abangoardistari egindako omenaldirik onena da Alegriaren luzemetraia, bai eta Biarritz ingurutik argazkilari amerikarra bizi izan zen etxe baten izena ere.

Oskar Alegriak Emak Bakia etxearen bila abiatzen da, eta horretarako bide luze eta magikoa ibili egin beharko du. Bidai horretan Euskal Herriaz gain, Frantziaren, Italiaren eta Errumaniaren sekretu askorekin egingo du topo zuzendariak. Eta Emak Bakia etxearen inguruan bueltak eta bueltak emanez narrazio lirikorik bikainena bideratzearekin batera, zine esperimentalaren iraultza aldarrikatuko du.

Bakarrizketa umoretsua ere lortzen du Alegriak, bere abizenaren omenez. Eta absurduena poesia eta kanta bihurtzen du, irribarreak edonon sortuz. Haizeari, bizitzari eta izenen antropologiari buruzko poesia dugu azken finean.

Oskar Alegriak, gainera, zoriaren bitartez lortutako dokumental borobila lortzen du. Baina Man Rayk behin adierazi zuen moduan, “dado jaurtiketa batek ez du inoiz zoririk saihestuko”. Dado jaurtiketa ona, beraz.
Musika aldetik ere Emak Bakia Baita konbentzioak apurtzen ditu. Kanta batzuk soinu eta kolpeez sortuta dauden bitartean, Maite Arroitajauregik -Mursegok- cello sentikorrarekin sinatzen ditu Errumania aldeko oihu eta zurrumurruak.

Alegriak lortu duena urteetan ikusi ez dudan melodia da. Begientzako musika zuzendu du historia osoko argazkilaririk onenetarikoari omenaldi fin-fina eginez.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Oskar Alegria
Gidoia: Oskar Alegria
Argazkia: Oskar Alegria
Iraupena: 83 m.

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money