2012/09/23

Iruzkina: Argo (Ben Affleck, 2012)



Hollywoodeko thriller komertzialaren pautak jarraituta Sam osabatxoaren propagandaren antza duen filme landua da Ben Affleck-en Argo. Ohituta egongo da ikuslea Ben Affleck jauna Hollywoodeko akziozko produkzioetan ikusten; baten bat nekatuta ere. Baina oker egongo da oraingo honetan, estatubatuarrak ikus-entzunezko pieza azkarra burutu baituelako, zentzu guztietan.

Egiazko gertaera batean oinarrituta, Irango Iraultza bete-betean harrapatzen du thrillerak, Sha jadanik AEBren babesa lortu duelarik, iparamerikako enbaxadako 6 lagun herrialdean ihes ezinean egongo dira. Egoera ikusita, noski, AEBko zerbitzu sekretukoak heroiaren papera bete beharko dute 6 lagunei babesa eta askatasuna bermatzeko. Baina erreskatea burutu dadin, Hollywoodera jo beharko dute, zinemagileen mundura.

Affleckek aktore gisa ere AEBko zerbitzu sekretuen pertsonifikazioa lantzen duen bitartean, Alan Arkinek eta John Goodmanek Hollywoodeko zinemagile handien komedia burutzen dute. Izan ere, une komiko asko aurkituko ditu ikusleak nazioarteko harremanak kolokan jartzen diren bitartean. Eta Hollywoodeko produkzioen funtzionamenduaren berri direnek barrezka lehertuko dira sekuentziaren batean.

Ben Afflecken ibilbideari erreparatuz gero, esperientziaren aztarnak aurkitzen ditugu, asko hobetu baita zuzendariaren lana Adiós pequeña, adiós (2007) edota The Town. Ciudad de Ladrones (2010) pelikulak egin zituenetik. Hala ere, ez du thrilerraren ikuspuntutik Adiós pequeña, adiós filmearen argitasuna lortu. Istorioa errazagoa da, baliteke egiazko gertaera estatubatuarra izanagatik. Casey Afflek eta Morgan Freemanekin bere lehenengo filmean egin ez zuen moduan, irakaspen moralak alde batera uztea erabaki du honako honetan.

Zuzendariaren hitzetan, ordea, pelikulak zentzu diplomatikoa ere izan ahal du, nahiz eta “apostu arriskutsua“ izan daiteke nazioarteko politiketan sartzea. Gainera, aitortu duen moduan, “pertsonen arteko errespetua eta elkarbizitza hobetzeko artea ezinhobea da”.

Filmeak ez du saririk lortuko Donostiako Zinemaldian, lehiaketatik kanpo aurkeztu dutelako. Baina propaganda hutsa izateaz leporatzen dioten kritikak alde batera utzita, thrillerraren maitaleek gustura jasoko dute honako pelikula hau.

Julen BIGURI


Fitxa Teknikoa:
Zuzendaria: Ben Affleck
Gidoia: Chris Terrio
Argazkia: Rodrigo Prieto
Aktoreak: Ben Affleck, John Goodman, Alan Arkin, Bryan Cranston
Iraupena: 120 m.
Herrialdea: AEB

0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money