2011/12/11

Elkarrizketa: Loreto Mauleon: “Bi anai ez da guztientzat egindako pelikula, baina ikusten saiatzea gomendatzen dut”

Loreto Mauleon, Donostiako aktore gaztea, ezagutu dugu Zinemaldiko 5. egunean. Imanol Rayok zuzendutako Bi anai filmean lan egin du; Bernardo Atxagaren eleberriaren irakurketa zinematografikoa da. Filmaren inguruko iritzia eman, eta aurretik egindako lanak aztertu ditu: hala nola, Goenkale telesailean eta La máquina de pintar nubes pelikulan egindakoak.
Testua: Julen Biguri / Argazkia: EiTB

Zein izan zen zure lehenengo esperientzia aktore lanetan?
Profesional moduan La máquina de pintar nubes pelikula izan zen lehena, baina lehendik ikastolan ere egiten nituen antzerkiak.  19 urte nituen, eta oso barneratuta dut esperientzia hori. Gero, poliki-poliki hasi nintzen lan ezberdinak egiten: Goenkale, adibidez. Eta orain Bi anai pelikulan lan egin berri dut.
Bi pelikuletan Bingen Elortzarekin lan egin zenuen. Pertsonaiek lotura berezia dute bi filmetan.
Bai, lotura oso berezia. Lehenengoan, La máquina de pintar nubes-en Bingen nire atzetik zebilen helduagoa nintzelako. Oraingoan, nahiz eta bion aldetik erlazioa egon, ni naiz bere atzetik dabilena.
Erraza al da binomio hori lanera egokitzea?
Oso aktore ona da. Oso gaztea da, baina burua bere lekuan dauka. Erraza da horrela lan egitea.
Eta Imanol Rayoren opera prima izan dela kontuan hartuta, nolakoa izan da esperientzia?
Erraztasun asko izan ditugu antzezteko orduan. Orain arte egindakoaren oso ezberdina zen bere proposamena, baina oso argi dauka zein den lortu nahi duena.
Gidoia irakurri aurretik irakurrita zeneukan Bernardo Atxagaren eleberria?
Bai, ikastolan irakurri genuen, baina ez nintzen asko gogoratzen. Horregatik berriro eman nion begiradatxo bat. Baina pelikulak eta liburuak ikuspuntu ezberdinak lantzen dituzte, betiere Atxagaren oniritziarekin. Filmak irakurketa dokumentalagoa bideratzen du. Mantsoa da, eta agian mundu guztiak ikusteko modukoa ez da, baina ikusten saiatzea gomendatzen dut.
Landutako pertsonai guztietatik zein da ilusio gehien egin dizuna?
Poz gehien eman zidana La máquina de pintar nubes-ena izan zen, lehena zelako eta dena berria zelako niretzat. Baina azkenean pertsonaia bakoitza estimatzen duzu. Joana (Goenkale) da pertsonaia famatuena, telebista askoz komertzialagoa baitelako. Hasiera batean arraroa egiten zitzaidan Joanaren papera antzeztea, baina azkenean ohitu egiten zara.
Zer dauka Joanak Loretorena, eta Loretok Joanarena?
Pertsona berdinak gara azkenean, beraz, antzekotasunak ikusi behar dira nahiz eta beste pertsonai bat izan. Hala ere, izaera ezberdina daukagu. Berarena gogorregia da, eta espero dut nirearen oso antzekoa ez izatea.
Nola prestatzen dituzu zuk pertsonaiak?
Noski, aktore bakoitzak bere moduak dauzka. Hala ere, nik ez daukat aktore moduko ikasketarik. Horregatik ez dut pertsonaia aztertzeko metodorik zehatzik. Gidoia irakurtzen dut, eta nire eta bere izaerak alderatuz, beste pertsonaiekin dituen erlazioak aztertuz eta nire senak esaten didanari kasu eginez sortzen dut pertsonaia. Gainera, antzezpen librea bideratzeko askatasuna ematen dute zuzendari askok.


0 iruzkin:

Post a Comment

Labur-labur

Twitter Delicious Facebook Digg Stumbleupon Favorites More

 
Design by Free WordPress Themes | Bloggerized by Lasantha - Premium Blogger Themes | Design Blog, Make Online Money